Bidankozeko sorginkeri-prozesua (1560)

Bidankoze, 1560ko apirila. Aste Santu betean Remon Torrearen etxetik izara eta eskuoihal batzuk lapurtu dituzte eta honek, Remonek, Graziana Belzarekin susmoa izanda, elizan salatzen du herritar guztien aurrean. Grazianak ez du aitortzen eta ondoren, salaketa formala aukezten dute bere aurka, 60 edo 68 urteko (agiri ezberdinen arabera datua aldatzen da) alarguneari Bidankoze eta inguruko herrietan egondako hainbat lapurreta, hilketa eta kalteak leporatuz, sorginkeria eta Grazianak zuen belarrei buruzko ezaguera seinalatuz. Prozesu berean lapurretan laguntzaile gisa bananduta zegoen neska gaztea (1560ko egoeran jarri beharko ginateke eta imajinatu 23 urteko neska gazte eta banandutako bat izatea zer zen imajinatzeko), Maria Lopiz, baina bere egoera oso ezberdina da defentsa prestatzeko orduan, ikusiko den bezala.

Grazianaren aurka testigantza pila bat dago, gehienak inolako frogarik gabe eta haietako askok beste akusatuaren, Maria Lopizen, senideenak izanda, azken honi ardura kentzen edo zigorra arintzen saiatuz. Alferrik izango dira defentsaren saiakerak inolako frogarik ez dagoela eta akusazioko testigantzak faltsuak direla adieraziz. Defentsako testigantzak, Graziana bizi oneko andrea eta kristau ona eta abar izan dela, alferrik dira ere. Hauetako defentsako testigantza bat, gainera, muntaia honen guztiaren jatorria uzten du agerian: kontu hau guztia hasi zuen Remon Torrea eta Graziana Belzaren familiaren arteko antzinako etsaitasuna. Izan ere, urte batzuk lehenago Remon Grazianaren senarra hiltzen saiatu zen eta herriko beste batzuk saihestu zuten, borroka horretan Remonek Grazianaren eskuan labana bat sartuz.

Kontua da azkenean dena alferrik izan zela eta prozesua aurrera jarraitu zuen, eta Nafarroako Errege Kontseilua (bere jurisdikzioa baitzen kasu honetan eta ez Inkisizioarena) Graziana “tormentu”tik pasatu behar dela. Tormentu delakoa aitormena lortzeko tortura besterik ez da. Kasu honetan, tortura-gailua “moxal” edo “potro” izenekoa da, akusatuaren gorputz-adarrak luzatzen zituena askotan dislokatu arte. Grazianak heroi bezala jasan zuen tortura bere errugabetasuna mantentzen zuen bitartean. Akusazioaren testigantzak froga bakarra izanda eta torturaren ondoren aitormena eman gabe, Auzitegiak epai latza ematen du: “Kondenatuak ohiko (Iruñeko) kaleetatik eramanda izango dira pregoilari batekin eta ehun zarta jasoko dituzte“. Hori hasteko. Eta bukatzeko, “Nafarroako Erresumatik bost urteko erbestaldia”. Grazianak eskatu arren, ez diote uzten ezta erbestaldiko zigorra betetzen hasteko atzerapen txiki bat, tormentuan hautsitako besoa sendatu arte.

Azkenik, Antson hasi zen erbestaldia betetzen, Erronkaribarretik oso gertu dagoena baina garai hartan beste erresuma batekoa, Aragoikoa alegia. Han inork ez zion lagundu nahi torturak ezgaitua zuen atso alargune noni, bere ospea ezaguna baitzen herri hartan. Horregatik guztiagatik, Graziana gaixoa premia gorrian eta nekez bizitzen omen zen eta Erronkaribarrera itzultzea erabaki zuen, bere erbeste-zigorra hautsiz. Ez zen, baina, Bidankozera bueltatu, erraz ezagutuko eta, ziur aski, salatuko baitzioten, Uztarrozera baizik, bere seme bat bizi zen herrira (prozesuan Bidankozen bizi den beste seme bat aipatzen da, prozesuan zehar bere ama defendatzeko lekukuak bilatzen saiatzen dena). Egun gutxira Erronkaribarreko Almiranteak atxilotu eta Errege Kontseiluaren aurrean eramaten du, eta honek zigorra ez betetzeari dagokion zigorra ezartzen dio: beste 100 zarta eta Nafarroako Erresumatik 10 urteko erbestaldia. Lehenengo erbestaldiaren esperientzia ikusita, Grazianak erbestera ez joatea erabaki zuen eta Iruñeko Errege Espetxeetan bete omen zuen zigorra, gorriak ikusten (Errege Diruzainari janaria emateko “pobre miserableekin egiten den moduan, gosez ez hiltzeko” eskatu zioten), eta bertan hil omen zen 1570ean, 70 edo 78 urtekin, gaur egungo ehun urte betetakoen antzekoa.