Zer da Xurgin Xastea?
Xurgin Xastea Nafarroako Erronkaribarren dagoen Bidankozeko xeien hasierako ekitaldia da. Ospakizunaren datak ez du egun finkorik, eta San Agustin egunaren (abuztuaren 28a) inguruko egun bat izaten da beti. Nola edo hala, jaia 24 eta 28 bitarteko gauetako batean ospatzen da beti, eta gehienetan astean zeharreko gau batean.
Gauerdian, herria ilun-ilun geratzen da eta gaueko ixiltasuna txalapartak besterik ez du hausten. Minutu batzuk geroago, Lapitxorronga haitzaren gailurrean zuzi baten argia ikusten hasten da, seinale horrekin inguruko xurgin guztiak akelarrera deituz. Bitartean, eta argia ikusten ez dutenentzat, adar baten doinuak ohartzen die.
Pixkat beranduago, zuzien hiru zutabe agertzen dira, musikarekin batera aurrera egiten Lapitxorrongaren gailurrera daramaten hiru bideetatik: zazpi xurgin Lapitxorrongaren azpitik, sei herriko erdialdetik eta beste sei Gazteluaren atzekaldetik (Gaztelu izenarekin Lapitxorrongaren gainean baseliza eta bi etxek osatzen duten auzoa ezagutzen dugu). Behin goian, xurginak, denak beltzez jantzita eta kaputxak soinean buruak estaliz, su txiki baten inguruan biltzen dira eta zigi-zaga egiten duen bide batetik Bidankozeko sarrerarako jaitsiera hasiko dira, une horiek musikak giro misteriotsu batean murgiltzen dituen bitartean. Musika amaitzen denerako, xurginek dagoeneko borobil handi bat osatu dute egur pila baten inguruan, eta orduan lehenengo xurgina pilara gerturatu, bere zuziarekin sua eman eta kaputxa kentzen du bere aurpegia, propio margotuta, agerian utziz.
Dantza alaia hasiko da orduan, xurgin emakumeak zein gizonak suaren inguruan pozaren-pozez. Dantza amaitzean, xurginek Maruxa xurgin nagusia zerua zeharkatzen ikusiko dute etxe batzuen atzetik bistatik galdu arte. Xurgin taldea Maruxaren bila doa orduan, suaren ingurura itzuliko dira berarekin, eta bukatzeko Markuxak suziria piztuko du xeiei hasiera ofiziala emateko. Jarraian, xurginek Sorgin-dantza egingo dute Maruxaren omenez. Azkenik, musika hasiko da berrik eta xurginek suaren inguruan arituko dira ikusleei haiekin elkartzeko gonbidatuz, gero kalejirak Bidankozeko plazarako bidea hartzeko.
Ordutik xeiak amaitu arte, Maruxak zaintzen du, zerutik, Bidankozeko sarrera, xeietan gaudela bisitariei ohartzeko.
Bukatzeko, xeiak hasi ziren era berean amaitzen dira, Xurgin Igaitearekin, Xurgin Xastea baino askoz xinpleago izan arren, emozio eta malenkoniaz betetako den ekitaldia da. Xeietako azken egunaren iluntzean, Bidankoze ilun-ilun geratzen da berriz eta xurginek Maruxa laguntzen dute bildu zute toki berera, herriko sarreran, eta, jarraian, Maruxak agurra-hegaldiari ekingo dio, xurginak zigi-zagako bidetik igotzen diren bitartean, haiek guztiak hurrengo xeiak arte desagertzeko.