Bidankoze eta xurginak (edo sorginak edo belagileak)
Bidankoze eta xurginen arteko lotura antzinakoa da eta jatorria jartzea zaila izango litzateke. Ahozko tradizioak gure egunerarte hainbat istorio helarazi dizkigu: oilo bihurtzen ziren atsoak, abereak sakrifizio gisa hiltzen zituzten xurginak, beste batzuk inondik agertzen ez diren katu bihurtuak… Bidankoztarroi “xurginak” sasizena ematearen kontua, Bidankoze eta xurginen arteko lotura horren erakusle ere badugu. Gaur egun, istorio bitxiak eta batzuetan barregarriak eta guzti ere, baina garai batean txutxumutxu horiek jendea izutzen zuten.
XX. mendea ongi sartuta zegoenean, goian aipatutakoen moduko istorioek jendea Bidankozeko xeietara etortzeko beldurra sortzen zuten, eta horren testigantza bildu zen 1975ean aldameneko Urzainki herrian egindako elkarrizketa etnografikoetan. Argi dago duela gutxira arteko herri-munduan, superstizioak orokorrean eta xurginen inguruko siniskeriak bereziki edonoren buruan zeudela, eta horregatik haietaz babesteko hainbat elementu erabiltzen ziren. Batzuk desagertu dira dagoeneko (adibidez, xurginen aurka “ruda” edo bortusai landarea erabilera), eta beste batzuk oraindik ikusgai daude gure karriketan (gure etxeetako sarreretako harrizko ikurrak, begizkoez babesteko harri landuak, gurutzeak teilatuetan…).
Bidankozeko kasuan, sorginkeriarekin lotutako Zugarramurdi edo Bargota bezalako tokietan ez bezala, ez dago sorginkeri prozesu handi baten inguruko dokumentazio historikorik. Beno, egia esan zeozer badago, Graziana Belza izeneko Bidankozeko emakume baten aurkako 1560ko prozesu bat, “lapur, belagile, pozoiegile eta xurgin” izateko akusatuta, baina bai prozesua berarengatik, bai bere amaierarengatik, bai bere garaian izan zuen oihartzuna, ez da oso sorginkeri prozesu ezaguna, informazio bitxia izan arren. Honen inguruan gehio jakiteko, “Bidankozeko sorginkeri-prozesua” begira dezakezu.
Nola edo hala, Bidankozeren izena eta bere “Xurgin Xastea” sorginkeriarekin lotutako helmuga sendoa da.