Justino Navarro Aizagar (1904-19??)

Justino Navarro Aizagar [Aizagar/Matias] eskultore bidankoztarra izan zen. Artzainen familia xume batean jaio zen XX. mendearen hasieran, Severiano Navarro eta Josefa Aizagarren semea izanda, amaren abizen hau daukan etxe batean (Aizagar) bizi izanda, besteak beste.

Herriko eskolan ikasi zuen, txikitatik marrazketarako eta zura zizelkatzeko trebezia handia erakutsiz, bere labanarekin mota guztietako figuratxoak sortzen aukera zuen bakoitzean. Laster, artzain bezala lan egiten, ezpelazko goilarak eta mota guztietako miniaturak lantzeko astia izaten hasi zen. Diotenez, Justino Izaban artzain zebilenean, “turista” batek bere trebeziaz jabetu zen eta Madrilera berarekin lan egitera joatea proposatu zitzaion, eta horrela egin omen zuen 1927 inguruan. Egia esan, zeozer gehiago egongo zen atzetik, Nafarroako Foru Diputazioak beka bat eman baitzion bere arte-formazioa osatzeko. Madrilen zizelkatze eta eskultura lanak egin zituen, eta marrazketa irakasle bezala hasi zen lan egiten.

Espainiako hiriburuan ezustean harrapatu zitzaion azken gerra zibilaren hasiera (1936) eta han, “gune gorrian” bizi zenez eta bere ogibideak eraginda, azkenean alderdi errepublikarran eman zuen izena, baina ez zen gerra-frontera joan. Komisari politiko gisa egindako lanarengatik epaitu zuten gerra amaitutakoan eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten “matxinadari laguntza” emateagatik. Zigorraren erdia bete zuenean (1949an) barkamena eskatu zuen eta eman zioten, eta hortik aurrera bizitza berregiten saiatu zen.

Madrilgo San Antoneko espetxetik atera ondoren (por tzierto, ezkonduta zegoela irten zenean baina ezkongabea sartzean 10 urte lehenago), dirudienez gerra aurreko bere lanarekin jarraitu zuen, nahiz eta ziur aski mila oztopo izan bere “aurrekari penalak” zirela eta. Ondoren, eta gutxienez 1956 eta 1961 urteen bitartean El Salvadoreko gobernurako egin zuen la teknikari gisa Taller Nacional de Grabados-en eta metal-zizelkatze irakasle gisa Escuela Nacional de Artes Gráficas-en.

Beranduago, eta horren inguruko datu gehiegirik izan ez arren, badirudi Madrilen lan egiten jarraitu zuela, han-hemenkako enkargu eginez. Bere heriotzaren berririk ere ez dugu.