Xurgin Xastearen historia

1982ko uda zen Bidankozen, eta Ignasi Doñateren buruan, herrian uda batzuk pasatzen zeramala katalaniarra, zeozer mugitzen zebilen. Aurreko urteetako xeietan, Ignasik gazte batzuen atorrez erreparatua zuen, xurgin baten marrazkia zuten eta. Zergaitiaz galdezka, ahozko tradizioaren arabera, Bidankoze xurginen herria zela esan zioten. Izan ere, bidankoztarroi “xurginak” sasizena ematen digute. Kontua da, uda hartan Ignasiri ideia bat bururatu zitzaion: xeiei hasiera emateko xurginekin lotutako ekitaldi bat egin ahal zen.

Ideia horrekin buruan, bidankoztarrak mugiarazten hasi zen, eta horrela lehenengo Xurgin Xaste hartan hegan egingo zuen Maruxa sortu zuten, baita ere erabiliko zuen mekanismoa. Xurgin nagusi horri lagunduko zioten gainerako xurginen jantziak ere prestatu ziren, eta ekitaldiari giroa emateko moduko musika ere bilatu zen (Benito Lertxundi eta Lluis Llach), baita gainerako xehetasunak zehaztu ere. Pertsonaia nagusia izatearen ideia, Maruxa xurgina alegia, emakumeak gizartean duen papera aldarrikatu nahi zuen, garai hartan bigarren plano batean baitzegoen.

Eta Ignasik sortutako gidoia jarraituz, gogoekin eta, batez ere, ilusio askorekin, 1982ko abuztuaren amaieran lehenengo Xurgin Xastea ospatu zen. Egun hartan, ziur ezta baikorrenek ere ez zuten pentsatuko ekitaldia egonkortuko zela urteak igarotzean. Denborak pasa ahala, ekitaldia eboluzionatu da, eta bai hegan iristen den Maruxa, baita hezur-haragizkoa ere aldatu dira, xurginen jantziak, musika neurri batean ere aldatu da eta hainbat elementu berri sartu dira (zuzeneko txalaparta, akerrak, sorgin-dantza…), baina Xurgin Xastearen mamia bera jarraitzeari eusten dio.

Horrela, urteak pasatu dira eta Maruxa beti etorri da, salbuespenik gabe, puntu-puntuan Bidankozen abuztuaren amaieran daukan hitzordura, eta dagoeneko XXI. ongi sartuta egonda dagoeneko 35 Xurgin Xastea ospatu dira… eta etorriko direnak.