Erronkariera / Erronkariko Uskara

Uskara Bidankozeko ohiko hizkuntza izan zen XIX. mendeko bigarren erdira arte. Orduan, kontu ezberdinengatik, izugarrizko atzerapena pairatu zuen gaztelaniaren mesedean eta etxeko giroan besterik ez erabiltzera pasatu zen kasu hoberenetan, hurrengo belaunaldiei ere irakasteari uzten. Uskara, beraz, itzaliz joan zen ezagutzen zuten aiton-amonek hiltzen joan ziren neurrian, Bidankozen erabat desagertutzat eman ahal izateko 1970eko hamarkadan.

XIX. mendearen erdialdean Louis-Lucien Bonaparte printzeak, euskararen ikerlariak, Uskara Zuberoako euskalkiaren azpieuskalkitzat eman zuen, baina gaur egun hizkuntzalariek alde handiak ikusten dituzte bien artean, Erronkariko Uskara berezko euskalkia dela ondorioztatuz. Bonapartek Mariano Mendigatxa eta Prudentzio Hualde bidankoztarrak izan zituen laguntzaile nagusi Erronkariera aztertzean.

Gaur egun, ikastolen lanari esker, Bidankozeko karriketan gure arbasoen hizkuntza berriz entzun daiteke. Gainera, Kebenko elkarteak duela 20 urte baino gehiago Erronkarin euskara berreskuratu, normalizatu eta bultzatzeko egiten du lan, maiatzaren amaieran Uskararen Eguna antolatuz, urte bakoitzean jaia ospatzen bailararen zazpi herrietako batean. Bidankozen 1998an, 2005ean eta 2012an ospatu egin da.

Erronkariko uskararen inguruko gainerako informazioa www.bidankoze.net web-orrian aurki dezakezu.