Arturo Arbizu Sanz (1972-____)

Arturo Arbizu Sanz [Txantxolit-Casero] pilotaria da, arlo profesionalean ‘Arbizu’ bezala ezagututa eta Iruñean 1972an jaioa izan arren, bi bidankoztarren semea da eta herriarekin bereziki zein Erronkaribarrekin orokorrean lotura handia mantentzen du, bertoko eskupilota eskolako arduraduna izanda.

Amateur mailan ibilbide luze eta emankorra egin zuen, eta 22-azpiko Munduko Txapelduna izan zen 1992an, Trinketeko banakako Munduko Txapeldunordea 1993an, Espainiako Txapelduna 1999an, Euskal Herriko Txapelduna 1999an eta baita Mundu Kopako Txapelduna 1999an. Mende berriarekin batera, profesionaltasunerako jauzia egin zuen.

Asegarce enpresaren eskutik, Iruñeko Labrit pilotalekuan 2000ko urtarrilaren 8an estreinatu zen, binakako partida bat jolasten Imazekin eta Beloki II eta Rairen aurka, 22-16 irabaziz. Ibilbide profesional luzea ez izan arren, maila horretara iritsi zen adina dela eta, bere balioa erakutsi zuen: 2. mailako Binakako Txapelduna izan zen 2001ean (2001/03/10, Arrasate: Arbizu-Pascual 22 Mínguez-Pinedo 20), 2. mailako 4 eta 1/2ko txapeldunordea 2002an (2002/12/14, Leiza 22 – Arbizu 15) eta 2003an (2003/12/06, Medina 22 – Arbizu 18). Bere azken partida profesionala 2007/12/27an jokatu zuen Oteizarekin Beloki eta Eskuderoren aurka, 22-7 irabaziz. Guztira 421 partida jokatu zituen, 242 irabaziz, hau da, % 56,47.

Maila profesionala atzera utzita, gaur egun pilotaren munduari lotuta darrai Buruzgain klubaren bitartez, bera eta Esain pilotari ohiak sortua. Gaur egun, bere ohiko aurrelariaren posizioaz gain, trinketean atzelari gisa ere aritzen da. Esainekin batera Nafarroako kluben txapelduna izan da 2010, 2011 eta 2012an eta Euskal Herriko txapeldunordea 2010, 2011 eta 2012an.